Atzoko egunez Euskal Politik podcastean eskeinitako solasaldiaren bideoa ikusgai dago jada.
Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei Euskal Herriko ondare industrialaren lagin honen berri emateko beraien kanala eskaintzeagatik!
Kategoriaren artxiboa: Azpiegiturak
Kable baten katalogatzea: Vda. de Echávarriren bi kableen adibidea.
Euskal Herriko eremu geografikoan ezarri ziren aireko kableen inbentariatzea gauzatzerakoan, Nafarroako basoetan ezarri zirenak instalaturikoen gehiengoa izan zirela nabarmentzekoa da. Euskal Herriko beste guneetan, Bizkaiko Karrantzako Lanzas Agudas auzotik, Xiberuko Santa Graziraino, aireko kableak ere ezarri ziren, bainan inondik inora Nafarroan ezarri ziren kopuruan.
Lourdes Altuna ikerlariak bere Kablea Ataunen, lanean irekitako bideari jarraituz, ni ere gauzatzen ari naizen inbentariatzea eskura dagoen informazioarekin ahalik eta fitxa osatuena lortzen saiatzen jardunean nabil. Horretarako eta zehazki Nafarroako kableen adibide jarraituz, osaketa lanak iturri hauetatik edaten du:
- …Nafarroako Foru Diputazio ohiaren Mendi Zuzendaritzaren funtsean gordetzen diren espedienteak: Funtsa NEANan gordetzen da ta lan honen guztiaren oinarria da.
- …SITNA, IDENA, GeoEuskadi bisorea, IGNFren Remonter les Temps tresna eta CNIGen fototeka digitala: kable baten ibilbidea espazialki zehazteko ezinbestekoa da hauen kontsulta.
- …Jesús Lacasia funtsaren argazkiak: Kokapenak erabateko zehaztasunarekin kokatzea ahalbideratzen du, baldin eta argazkia identifikatua dagoen…
- …protagonisten ahozko testigantzak: Artxiboetan gordetzen ez diren bizipenak eta anekdotak jasotzeko aukera interesgarria izaten da.
Zerrendatzen ditudan jatorri horietako bakoitzetik lortzen dudan informazioa gurutzatzeak aukera ematen dit kable baten kokapena modu -nahiko- zehatz batean kokatzeko. Jakina, beti ez da posible ekimen horretan lagunduko duten lau jatorri horiek lortzea, baina espediente bat eta ortoargazki bat eskura baditugu, posible da hori lortzea eta positiboki identifikatutako instalazioen taldera gehitzea.
Baina sar gaitezen post honen muinera: Kable bati buruzko informazio guztia jaso ondoren, ze “itxura” du fitxa batek? Galdera honi erantzuteko, aireko kable instalakuntza zehatz bati buruz jaso dudan informazioa guztia -aurrekari gisa balioko ez duelarik 😉 – ikusiko dugu.
Baztango instalakuntza zehatz hau hautatzen dut, bere identifikazioa osatzeko lau baldintzetatik hiru betetzen baidira: Espediente administratiboa badago, IDENAn beraien ibilbideak ikusten dira eta Lacasia argazki funtsean beraien argazkian jasotzen dira.
Fitxa
04 1182/1954. Belateko bi kableak: Zintzurzelai eta Karramiztegi. Vda. de Echávarri.
1954ko espediente hau Olazagutiako Vda. de Echávarri enpresak Mendi Zuzendaritzari Belateko San Blasko Bentaren inguruan aireko bina kable aldi berean instalatzeko eskaera jasotzen du. 04 zenbakia neronen antolaketarako jarri diot: Baztanen zuzenki identifikaturiko laugarren instalakuntzari dagokio. Tipografia etzana erabiliz agertzen diren oharrak, blogeko post honetarako erabili ditut soilik, behin betiko fitxan ez lirateke agertuko. Kableen izenen inguruan, espedientean eta planoetan “Chinchur” eta “Carramistegui” gisa agertzen dira. Agerikoa den bezala, euskarazko toponimiaren gaztelerazko deformazio traketsa dira eta nire lanaren irizpide orokor gisa, bi izenak Nafarroako Toponimia Ofizialean jasotzen diren bezala erabili ditut, kaso honetarako Zintzurzelai eta Karramiztegi. Izen bakoitzaren gainean sakatuta, beraien kokapenetara joango zara.
- Ibarra edo eskualdea: Baztan-Bidasoa. (Neronek sorturiko zatidura administratiboa).
- Herria edo kontzejua: Baztan. (Ídem).
kokapena ETA koordenadak. UTM 30N ETRS89 | |
---|---|
Karramiztegiko kablea (A) | |
Kargalekua: Karramiztegiko maldako gune bat. | X: 612104 Y: 4768878 |
Deskargalekua: San Blas Bentaren aldamenean. | X: 612919 Y: 4769351 |
Zintzurzelaiko kablea (B) | |
Kargalekua: Karramiztegi eta Zintzurzelai tartean kokatzen den Goldaburun. | X: 612248 Y: 4768297 |
Deskargalekua: Belateko mendatetik hurbil kokatzen den Bentako Belagian. | X: 612821 Y: 4767310 |
- Luzera:Karramiztegiko A kableak, 972 m. Zintzurzelaiko B kableak, 1170m. (Kargalekuetatik, deskargalekuetaraino IDENAn neurtzen diren distantziei dagozkie).
- Tipologia: Trikablea. Bi kableen kasuan, aipatzekoa da beraien norabidea ibarraren sakonetik bere gaikaldera zela, Karramiztegiko kablearen kasuan San Blasko Bentaraino eta Zintzurko kablearen kasuan ia NA-1210 errepideraino.
- Pilona kopurua: Karramiztegiko kablearen kasuan, bi pilona eta “cabra” bat.
- Instalakuntzaren urtea: 1954ko udara-udazkena.
- Kablelariak: —. (Espedienteetan ez dira agertzen instalazioetan lan egin zuten gizonen izenak, baina kasu gutxi batzuetan beste kableen espedienteetatik lortu ahal izan dut informazio hori. Horregatik, egoki ikusi dut epigrafe hau sartzea).
- Sustatzailea: Vda. de Echávarri. (Baso aprobetxamenduaren ustiatzailea izan ziteken, kasu honetan bezala; edo instalakuntza gauzatzeko espreski azpikontrataturiko beste enpresa bat izan ziteken).
- Ortoargazkia: 1957-07-31, B serieko hegaldi amerikarra, IDENA (Kablearen ibilbidea lehenengoz ikusi daiteken hegaldiaren datari dagokio).
- Irudiak: Jesús Lacasia argazki funtsak Karramiztegiko kablearen launa argazki dituen bezala, Zintzurzelaiko deskargalekuaren argazki bat ere badago. (Epigrafe hau betetzea ez da ohikoa izaten, baina gertatzen denean, kokaturiko argazkia Flickr atariko Kablegintza profilera igotzen dut atari honetan argazkia mapa batean geokokatuta gordetzeko aukera ematen bait dit).
- Informazio administratiboa: NEAN, NFD Funtsa, Mendi Zuzendaritza, 96278 kutxa, 1182/1954 exp. (Espedientearen signatura. Instalakuntza honen xehetasunak bertatik bertara NEANan kontsultatu nahiko bazenitu, badakizu non kuxkuxeatu beharko duzun). Ez horregatik 😉
- Deskribapena eta oharrak: Espediente honetan Belateko mendatearen inguruan ezarri ziren aireko bi kableen instalakuntzaren baimen eskaera jasotzen da. 1954ko abuztuaren 20ko datarekin, Baztango Alkate zen Gerardo Plaza Aurquíak[1] Mendi Zuzendaritzari instalakuntza gauzatzeko baimena eskatu zion: «…para la saca de 5.240 hayas de los montes de Carramiztegui y Chinchur (Velate)», 1955ko urtarrilaren 14an horretarako baimena jaso zuelarik. Espedienteak jasotzen dituen planoetan, Karramiztegiko kablea (A) deitura duelarik, Zintzurzelaikoa (B) deitzen da. IDENAn ikusgai dagoen 1957-07-31 datako ortoargazkian, Zintzurzelaiko kablearentzako basoan irekitako kalea nabari da. Kable honen deskargalekua NA-1210 errepideko albo batetik ireki zuten pista batetaraino iristen zen. Karramiztegiko kablearen kasuan aldiz, ibilbidea zuhaitzik gabeko soilgune batetik igarotzen zenez, ez da inongo ibilbiderik ageri San Blas Bentaraino. Espedienteak bi instalakuntzen xehetasunak jasotzen dituen eta zuzenki proiektaturiko bina plano ditu bere baitan. (Epigrafe honetan, kable instalakuntzari buruz dudan informazioa eta xehetasunak ematen ditut).
[1] Gerardo Plaza Aurquía alkateak, arkitekto gisa jardun zen bere ibilbide profesionalean eta hainbat eraikin diseinatu zituen, hala nola Ilarregiko eskolak, Larraintzarko Udaletxea edo Almandozko eliza. Plaza, gainera, prokuradore izan zen Gorteetan eta foru diputatu XX. mendeko 50eko hamarkadan, baita Baztan Ibarreko alkate ere, 1959ko ekainean hil zenean. Diario de Navarra, 30. orria, 15-11-2013.
Irudiak
Lacasia funtsa, aireko kableen instalakuntzak kokatzeko eta identifikatzeko eskura daukagun baliabide nagusia da. Nolanahi ere, hainbat kokapen kokatzea ez da batere erreza, bai identifikagarriak izan daitezken elementurik ez dutelako zein hirurogehi urtetan mendia asko aldatu delako. Hala ere, hainbat lagunen laguntza eskuzabalari esker eta kasu zehatz honetan, Zubirin kokatzen den Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren Aezkoa-Kintoako basozain taldearen babesari esker, bi kable hauek kokatzea lortu dut. Argazkiak honatx:
Artxibo Irekien fototekan agertzen diren Lacasia funtseko argazkien deskribapen batzuk “orrazkera” bat behar dute, informazioa ez baitute guztiz zuzena erakusten: Launa argazki hauek guztiak adibide gisa Otsagabian kokatuta daudela esaten dute. Nolanahi ere, argazkiak zehazkiro eta egokiro kokatzeak dituen zailtasunak medio, hau erabat ulergarria da. Identifikazioak aurrera egin ahala, informazio hau NEANeko ardudunei helaraztea da asmoa. Denboran luze joko du, jakina.
Planoak
Espediente honek bi kableen plano pare bat ditu. Horien irudiekin batera, haien ibilbideak ere sartzen ditut, OpenStreetMapen ikus daitezkeen bezala:
Ibilbideak
SITNAn aurkitu eta identifikatzen ditudan kableei dagozkien ibilbideak Google Earth erabiliz beraien .kml bertsioak editatuta, datu geoespazialak maneiatzea ahalbidetzen duen edozein tresnatan ikusi ahal izateko prest uzten ditut. Baina hori gutxi balitz, Lacasia Funtseko argazkiak Flickr atarian geolokalizatuta eta online eskuragarri daudenez, argazki hauek .kml fitxategien barruan ere txertatuta erakusten dira.
Zuk ere Google Earth erabiliz bi ibilbide hauek nola ikusten diren jakin minez bazaude, hemen eskuratu ditzazkezu: Zintzurzelaiko kablea, (.kml, 7Kb.) Karramiztegiko kablea, (.kml, 18Kb.)
“Xelebrekeria”
Ta orain, “xelebrekeria”: Vda. de Echávarriren kable baten argazki hauek zergatik daude Lacasia funtsean? Kontuan izan dezagun Jesús Lacasia 1950-60-70-80 hamarkadetan Nafarroan Explotaciones Forestales RENFE enpresaren arduraduna zela, beraz, ondorioz RENFEren konpetentzia zen enpresa baten argazkirik ez lukete zertan bertan egon behar…
Kontraesan horren azalpena instalazio horrekin zerikusirik ez duen beste espediente batean aurkitu nuen, zehazki, Irati eta Itzaltzu kanpoaldeen artean instalatutako “San Esteban” kable ospetsuari zegokion espedientean. Espediente horretan aipatzen da kablea El Irati, S.A., Vda. de Echávarri eta Vda. de Mocholí zur-enpresek instalatu zutela ABEEan, eta Jesús Lacasia aipatzen da El Irati eta Vda. de Echávarri enpresen arduradun gisa ustiategi horretan. Beraz, Jesús Lacasia Nafarroako Explotaciones Forestales RENFEko arduraduna izateaz gain, batzuetan RENFEn zituen ardurak ere uztartu zituen beste enpresa batzuei esleitutako aprobetxamenduen arduradun gisa lan eginez, El Irati S.A. eta Vda. de Echávarri enpresen kasuan bezala. Kontu hau Jesus Mari bere semeak iaz berretsi zidan, eta horrek azaltzen du Lacasia Funtsean RENFErenak ez ziren baso-aprobetxamenduei buruzko argazki asko egoteak.
Esker ona
“Erretolika” hau amaitzeko, Lacasia funtseko hainbat argazkietan agertzen diren kokapenak identifikatzen laguntzen ari zaizkidan hamaika lagunei nire esker ona adierazi nahi diet, bereziki Zubiriko Ingurumen taldeko basozainei.
Eta batez ere, NEANko langileei, dokumentazio kutxak eta kutxak kontsultatzeko nire etengabeko eskaerei pazientzia amaigabez ematen didaten laguntzagatik. Aireko baso-kableen instalazioei buruzko espedienteen bilaketan beraien laguntzarik gabe, lan hau ez litzateke posible izango. Bejondeizuela!
Aireko baso kableen inbentarioa: Irizpideak.
Euskal Herriko basogintzan historikoki erabili ziren aireko kableen inbentarioa osatzerakoan, 1999. urtean Lourdes Altuna ikerlariak Ataungo Udalarekin batera elkarlanean publikaturiko “Kablea Ataunen” lana ezinbesteko erreferentzia dugu. Ataungo hainbat baserri eta lur sailetan XX. mendean ezarri ziren 197 belar kableen zerrendarekin batera, lan honetan kable instalakuntza bakoitzaren xehetasunak dagozkien fitxetan jaso zituen. Aireko kableen inguruan Euskal Herrian inoiz egin den lanik osatuena dela esatea ere ausartuko nintzateke.
Nolanahi ere, lan honetan Nafarroako XX. mendeko basogintzan berebiziko garrantzia izan zuten aireko kable instalakuntzak ez dira aztertzen ta +/- 2017a ezgeroztik gabezi horri erantzuteko asmoz lanari emana nago. Ekimen hau osatzeko metodologiaren irizpide ahalik eta zorrotzenak jarraitzea ezinbestekoa zaidalarik, horien berri ematea da sarrera honen helburua.
Lourdes Altunak 1999an Ataungo belar kableekin egin zuen bezala, neroni ere Nafarroako aireko baso kableen inbentarioa osatzeari emana nago ta horretarako hiru informazio jatorri erabiltzea ezinbestekoa zait: Protagonisten ahozko testigantzak, ortoargazki historikoak eta artxiboetako funts dokumentalak. Hiru informazio iturri hauek beraien artean elkar gurutzatuta lortzen ari naiz aireko kableen kokapen espazial zehatza, bai geografikoa zein historikoa.
Ahozko testigantzak
2010. urtean kableen kontu hau ikertzen hasi nintzenean, gure aitona Bixente Eskisabelen kablelari ibilbideari buruz jakinminez hasi nintzen soilik. Hainbat irteeretan Inazio Munduateren laguntza izan nuelarik, elkarrekin hainbat kablelari ohi elkarrizketatu genituen ta berehala jabetu nintzen ahoz jasotako informazioa motz geratzen zela gaiaren bisio oso bat izaterakoan.
Alegia, ahozko testigantzak baliagarriak izan zaizkit dokumentuetan jasotzen ez diren hainbat xehetasun eta pasadizoen berri izateko, baina ez Bixente Eskisabelek Erronkariko zein paraje zehatzetan bere lehenengo aireko kableak non ezarri zituen zehazteko, horretarako, Nafarroako Foru Diputazioa zenaren Mendi Zuzendaritzaren funtsa kontsultatzearekin batera, zerbitzu geoespazial anitzek online eskaintzen dituzten ortoargazki historikoak kontsultatzea ezinbestekoa da.
Ortoargazki historikoak
Lourdes Altunak bere lanean Ataungo kable ia guztiak mapa tolesgarri txukun batean jaso zituelarik, Nafarroako aireko kable guztiekin gauza berbera egin zitekela jabetuta hasi nintzen berauk etxeko erosotasunetik geokokatzen. Agerikoa den bezala, lanaren erronka eta eskala ez dira berberak ta Nafarroako Gobernuko SITNA eta IDENA ezinbesteko tresnak suertatzen zaizkit lan horretan. Baina hauek bezala ere, EAEko GeoEuskadi bisorea, Frantziako IGNFko Remonter le temps eta Espainiako IGNko Fototeca Digital bisorea.
SITNA/IDENA bisoreek erabiltzaileon esku jartzen dituzten tresnak erabilita, kable ibilbide bakoitzaren bertsio digitala eskuratzen hasi nintzen 2016. urtean hasita. 2023. urte honetan, NEANen gordetzen den Mendi Zuzendaritzaren dokumentazio funtsa kontsultatuta, ahozko testigantzek zein aireko argazkiek emandako informazioa gurutzatuta aireko kable baten ibilbidea %99 ziurtasunarekin ezartzea lortzera iritsi naiz ta ez da gutxi.
Funts dokumentalak
Ahoz jasotako testigantzei zein etxeko erosotasunetik kontsultaturiko ortoargazkiei kontestu historikoa funts dokumentaletan jasotako informazioak ematen die.
Urte honetan hainbat artxibo kontsultatzen dihardudalarik, Nafarroako Errege Artxibo Nagusia (NEAN) da ezbairik gabe Nafarroako aireko kableei buruzko informazio jasotzeko kontsultatzen dudan iturri nagusia. Ta bertan, XX. mendean Nafarroako landa ingurunea eta basoen kudeaketaz arduratzen zen Mendi Zuzendaritzaren funts dokumentala. Hemen dago saltsa guztia.
Hau horrela izanagatik, NEANeko adituek horrela esanda, Mendi Zuzendaritzaren funts dokumentalak nire aldizkako bisitez gain ez du beste inongo ikerlariren interesik pizten, ondorioz, funtsak tajuz sailkatzeko ta katalogatzeko lanik ez da egiten. Hainbat espediente faltan egotea edo transpapelaturik egotea ohikoa delarik, honek ikerketaren lana nabarmen zailtzen du.
Aurkitzen ditudan espedienteek jasotzen duten informazio kopurua eta “kalitatea” anitza da. Planoak edo marrazkiak badituzte, instalakuntzaren geokokapena nabarmen errazten zait. Kasu hauetan IDENAn ere bere ibilbidea somatzen bada, bingo! Hala ere, kasu gehienetan ez dago planorik ta orduan bere ibilbidea IDENAn orduak sartuz topatzea dagokit.
Nolanahi ere, hainbat “altxor” ere aurkitu izan ditut nire peskizetan. Jarraian dijoaztenak, horietako zenbaitzuen adibideak.
Vda. de Mocholí kablea Luzaiden
Berez hau ez da arestian aipaturiko “altxor” horietako bat, buruhauste sortzaile bat baizik. Valentziako Vda. de Mocholí enpresak 1953. urtean Luzaideko “Echarcharo” deituriko parajean aireko kable bat ezartzeko espedientean dagoen marrazkia da. Deskargalekuaren kokapena aurkitu badut ere, kargalekua topatzea ezinezkoa suertatzen zait. Are eta gehiago, aipaturiko “Echarcharo” parajearen toponimoa ez da agertzen IDENAko toponimoen geruzan. Ondorioz eta hainbat orduz saiatuagatik, kable honen ibilbidea markatu ezinik geratu zait.
Nafarroako 1. aireko kablea Hiriberri Aezkoan
1934. urtean Bixente Eskisabel Urbiztondo kablelari ataundarrak Aezkoako Hiriberri gainean dagoen Berrendiko basoan ezarritako kablea. Bertatik ateratako egurra Irati ibairaino garraiatzen zen jarraian pantanaden bidez El Irati S.A.ak Ekai Longidako lantegiraino garraiatzeko. Marrazkiak ez du eskala edo beste erreferentzia topografikorik, baina, paraje honetan IDENAan ikusgai dagoen 1946ko A serieko hegaldi amerikarraren ortoargazkietan kable honen aztarnak ikusi daitezke.
Iratin 12 km.tako kablea…
Mendi Zuzendaritzaren funtsak, ezarri ziren ta ezarri gabe geratu ziren instalakuntzen espedienteak jasotzen ditu bere baitan. Tartean, plano dotore hau jasotzen duen espediente garratza. Garratza diot, bere orrietan 1954ko udaran Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak El Irati S.A.rekin izan zuen gatazka bortitz baten berri ematen delako.
Espedientean jasotzen denaren arabera, El Iratik Pikatuako parajetik Irabiako uharkaraino 12km.tako luzera izango luken aireko kable instalakuntza gauzatu nahi zuen. Kablearen ibilbideak Iratiko ohianaren baitan balio handiko parajeak zeharkatzen zituelarik, Zaraitzuko Ibaxako Batzordea proiektu honen aurkako erabateko jarrera erakutsi zuen.
Esteban Orbegozoren kablea Lizarrustin
Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan kokatzen den Lizarrustiko parajean, Zumarragako Esteban Orbegozo altzairutegiak bere egur-ikatz beharrak asetzeko Aralarko hainbat baso ustiatu zituen.
XXI. mendeko begiradaz ikuskatua logikarik gabeko ustiapena izan zitekela badirudi ere, gerra ondorengo muturreko autarkia ekonomikoaren kontestuan altzairutegiek energia iturrien premia larria zuten: egur-ikatza ere energia iturri balekoa zitzaien.
Explotaciones Forestales RENFE tartean
RENFE Nafarroako basogintzan agertu zenean lan metodologia eta baliabide aurreratuak iritsi ziren Nafarroako basoetara. Ojo, beraien aurretik izan ziren kablelariek baliabide askoz eskasekin lortu zutena ez dago gutxiesterik, baina RENFEk ingeniariak, teodolitoak, eta eskala egokian jasotako planoak erabiltzen hasi zen. RENFErekin Nafarroako basogintzak aurrerako jauzi handia egin zuen.
Azpikaldeko planoa Explotaciones Forestales RENFEren arduraduna zen Jesús Lacasiak digitalizatzeko utzi zidalarik, Mendi Zuzendaritzaren funtsean bere espedientea aurkitu ezinik nabil.
Planoak RENFEko ingeniariek Pikatua eta Itzaltzu arteko “San Estebango” kablearen profila eta oina jasotzen ditu. Eskala zehatzekin, informazio osoa eta egokia. Bere ibilbidea IDENAn agertzen den bezala, bere argazkiak Nafarroan Explotaciones Forestales RENFEren arduraduna zen Jesús Lacasiaren egiletza dute eta bilduma ere NEANk gordetzen du. Hau bai altxorra.
Zegamako belar kableak
Euskal Herrian XX. mendean erabili ziren belar kableak nire peskizetatik kanpo badaude ere, gertutik jarraitzen ditut beraien inguruan sortu daitezken historio, pasadizo zein protagonistak.
Gaurko sarrera labur honetan, Zegamako belar kableei aipamena egin nahiko nieke.
Tipologia
Berez, Zegamako belar kableak Nafarroako Araitz bailarakoen edo Ataungoen tipologia berbera jarraitzen zute: Kota ezberdinetan kokatutako eta N distantziaz loturiko altzairuzko kable bat, grabitatearen indarra baliaturik etxeko ganbararaino belar ondua, garoa, ikatza edo behar zen generoa garraiatzeko lanabesa.
Egur kableekin alderatuta, hauek baino soluzio teknologiko nabarmen sinpleagoa izan ziren.
Ramon Arrizabalagaren maketa
Ataunen XX. mendean zehar 197 belar kable ezarri baziren, Zegamako lurretan 10-12 ezarriko zirela aipatu zidan Ramon Arrizabalaga zegamarrak. Tartean, eta gogoan duela, Astiñe baserrian 200m.takoa, Arakama azpikoan errotarako, Mazkiarango hiru baserriak bakoitzak berea, Berasategin eta Zubitxoetan ere bai…
Aidanez, Euxebio Arrizabalaga bere aita zenak bere lur sail batetik Mazkiaran Erdikoa baserriraino 300m.tako belar kablea “gerra aurretik” ezarri zuen (data zehatza ez dakigu baina 1935. urteren bueltan izango zen eta 1980ko hamarkada arte erabili zen) eta Euxebio bera izan omen zen Zegamako belar kableen sustatzaile nagusia.
Belar kablearen agerpena XX. mende hasieran iraultza latza izan zen eta etxeko ganbararaino hainbat produktuen garraioa nabarmen erraztu zen. Horren aurretik, etxeko ganbararaino belar ondua zein garoa eraman behar zirenean, lehenik etxeko atariraino leraz, gurdiz edo kaballerien gainean gerturatu ta jarraian bizkarrean kargatuta, etxeko hiru solairuak igo beharra zeuden. Lan nekeza eta motela ezbairik gabe.
Ramonek ez daki bere aitak nola edo noren eraginez gerturatu zuen lanabes berri hau Zegamako baserrietaraino. Dokumentaziorik ere ez du. Nolanahi ere, bere aitaren lana aitortzeko asmoz, bere etxeraino ezarri zuen belar kablearen maketa bat prestatu du. Honatx argazkiak:
Iñaki Arrizabalagaren argazkiak
Ramonen anaia Iñakik argazkigitza afizioa izan zuelarik, bere anaia Luisen bidez Mezkiaran Erdikoa baserriko belar kablea irudikatzen dituen argazki parea erakusteko “primizia” dugu blog honetan.
Zegamako belar kableen inbentarioa
1999. urtean Ataungo Udalaren II. aztergai bekari esker, Lourdes Altuna ikerlari ataundarrak Ataungo 197 belar kableen inbentarioa “Kablea Ataunen” liburuan jaso zuelarik, Zegamako belar kableen inbentarioa ere jaso beharko litzatekelakoan nago. Berez eta kontuan izanda 10-12 solik izan zirela, Zegamako belar kableen informazioa jasotzea ez luke luze eraman beharko, nolanahi ere artxiboak kontsultatu, paperak aztertu, lekuak bertatik bertara ezagutu… horiek denak Zegamatik egin beharreko lanak lirateke. Proposamena hor geratzen da.
Esker ona
Sarrera labur hau idazteko hainbat eragile eta norbanakoen laguntza izan dut. Lehenik eta behin, Igartubeiti Museoko teknikariena, beraien bidez Ramonekin harremanetan jartzeko kontaktua helarazi zidatelako. Ramon Arrizabalaga bera hainbat informazio eskaini eta egindako maketa erakusteagatik. Eta azkenik, Luis Arrizabalagari bere anaia Iñakik 1961. urtean ateratako argazkiak eskuzabal blog honetan erakusteko baimena emateagatik. Milesker guztiei!