Atzoko egunez Euskal Politik podcastean eskeinitako solasaldiaren bideoa ikusgai dago jada.
Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei Euskal Herriko ondare industrialaren lagin honen berri emateko beraien kanala eskaintzeagatik!
Etiketaren artxiboa: kablegintza
Kable enpalmeak: Kablistentzat oinarrizko ezagutza
Urriaren 18an Ariben kokatua dagoen Aezkoako Batzarre Nagusiaren egoitzara gerturatu zirenek, “Iratiko Errekatzaileak eta Kablistak” dokumentalaren estreinaldiaz gozatzeko aukera izan zuten.
Dokumentala Nafarroako Gobernuaren babesa du eta XX. mendeko Nafarroako basogintzarekin estuki loturik egon diren -eta jada desagertu diren- lanabes eta jarduerak jasotzen dira: Barrankeadoreak eta kablistak.
Dokumentala Javier Goikoa orbaizetarra eta Martin Landa Otsagabiako kablista ohien aholkularitza jarraituz ekoiztu da eta bertan eta hainbat kontuen artean, kablegintzan jardun ziren basomutilek ezinbestean ezagutu behar zuten teknika bat erakusten da: kableen arteko loturak enpalmeen bidez egiteko teknika.
XXI. mende honetako ikuspuntutik begiratuta, kableen arteko enpalme fisikoa lortzea uxkeria teknologikoa dirudielarik, berauk egiteko abilezia menperatzea ezinbestekoa zuten XX. mende erdiko hamarkadetan Nafarroan lanean jardun ziren basomutil kablistentzat.
Sociedad Franco Española de Cables (SFE)
Erandio, Bizkaian kokatua dagoen Sociedad Franco Española de Cables XX. mendeko hego Euskal Herriko basogintzan erabiliko ziren altzairuzko kableen hornitzaile nagusia izan zen.
Basogintzan historikoki martxan izan ziren kableen luzerak anitzak izan ziren. Bai ehundaka metroetakoak, zein Erremendian Bixente Eskisabelek 1930-40ko hamarkadetan ustiatutako 14km.tako trikable sare ezaguneraino.
Azpikaldeko bina argazkietan, 2011n oraindik ere Orotz-Beteluko lurretan Erremendiako kable portantearen azken aztarnak ikusgai zeuden. (2013. urterako jada desagertu ziren.)
Erremendiako 14 km.tako trikable sarea adibide gisa hartuta, tamaina honetako kable sare honek zer adierazten digu? Bixente Eskisabelen aginduetara zeuden kablistak 14 km.ko luzera zuen kable zati bakarreko instalazioa gauzatu zutela?
Erandioko SFEk izan, agian izango zuen 14km.tako kable bobina bakarra ekoizteko gaitasun teknologikoa, baina horrela izango balitz ere, horrelako bobinatzarra Erandiotik Erremendiara kamioiz garraiatzeko ezinezkoa suertatuko zen. Zer esanik ez, basoan barrena horrelako karga izango zuen bobina bat maneiatzea.
Ohar bat aurrera jarraitu aurretik: Basogintzan erabiltzen zen trikablea, hiru kablez osatutako instalakuntza bat zen. “Portanteak” 35mm.tako diametroa zuen eta 28 mm.tako “retur”arekin batera, biak finkoak ziren. “Kurdinaren” kasuan aldiz, 16mm.tako diametroa zuen eta kargalekua eta deskargalekuaren artean zirkuitu itxi bat osatzen zuen eta berari lotzen ziren egurra eusten ziren karrilloak.
Ondorioz eta basoko kablisten lana errazte aldera, basogintzan erabiltzen ziren kableen luzerak Erandioko lantegitik neurri hauekin etortzen ziren: 35mm.tako kablea 800m.tako bobinetan. 28mm.tako kablea 1200m.ko bobinetan eta 16mm.tako kablea 1500m.ko bobinetan. Erremendiako adibidearekin jarraituz, 14km.tako instalazioa beharrezkoa bazen, beharrezko sekzioak beraien artean lotuz – enpalmatuz- gauzatzen ziren “portantea” eta “retur” kableak. Agerikoa den bezala, “kurdina” kablearen kasuan sekzio kopuru bikoitza zelarik beharrezkoa.
Azalpen teorikoa SFEren 1965eko katalogoan
Altzairuzko kable bat hiruna zatiz osatuta dago: Kordoia, alanbrea eta ehun begetalez osatutako soka bat bere bihotzean. Kordoien eta alanbreen kopurua eta diametroak bezeroen beharren nahieran izan daitezkelarik.
Arestian aipatu bezala, kablistek ezinbestekoa zuten kable enpalmeak basoan egiten jakitea. Baina nola egiten ziren enpalme hauek orduko baliabide eskasekin? Eta enpalmeak egiterakoan, Erandiotik zetozen kable bobinak elkarrekin lotzeko egiten ziren soilik?
Bi kable elkarrekin lotzeko azalpen teorikoa SFEk 1965an publikaturiko katalogo komertzialean dugu ikusgai. Lehenik, lotu behar ziren bi zatien kordoiak 12 metroko luzeran askatu behar ziren.
Jarraian bi zatietako askatutako kordoiak elkarrekin batu behar ziren. Zati baten kordoiak uzten zuen espazioa beste zatiaren kordoiaren espazioarekin osatu behar zuen. Eta prozesu hau kable helikoidalaren kordoi guztiekin egin behar zen. Alanbreak ez ziren askatzen.
Bi zatietako kordoiak mugitu eta elkarrekin finkatzeko “espadinas” izeneko altzairuzko eskuzko herramintak erabiltzen ziren eta kablistari egoera fisiko ona eta lana tentuz egitea eskatzen zion: 35mm.tako kable portante batean enpalmea egiteko, bere kordoiak mugitzeko lan fisikoa itzela zen eta arriskutsua ere bai behatz bat galtzeko arriskua baitzegoen.
Kableak bi arrazoiengatik enpalmatu behar izaten ziren. Batetik, trikable instalakuntza berri bat egiterakoan beharrezko luzerako kableak lortzeko. Bestetik, trikable instalakuntza bat lanean ari zela kable bat puskatzea jasaten zituen kargak eta tentsioak gehiegizkoak zirelako. Puskatzen zena kable portantea bazen, kable horretatik zintzilik zeuden kargak lurrera erortzen ziren kablearekin batera. Triskantza latza izaten zen: Kargak karrilloetatik askatu beharra zegoen, karrilloak kabletatik, zatitutako kablea berriro enpalmatu… eta hau dena, eguzkipean, euripean, basoaren erdian, maldetan… nekez irudikatzen dugu 2019ko begiekin ze nolako lanak ziren hauek.
Martin Landa: 83 urteko trebetasuna behatzetan
2018ko maiatzean eta enpalmeak egiteko teknika erakusteko asmoz, Otsagabiako Martin Landa kablista ohiak erakustaldi praktikoa egin zuen berarekin bildu ginen lagun batzuekin. Argazki eta bideotan, kableen enpalmearen prozesua nola egiten zen “usaina hartzeko” balio digu:
Egun horretan grabatutako bina bideo hauetan ere prozesuaren atal ezberdinak ikusteko aukera dugu. Bietan prozesuaren amaiera ageri zaigu. Lehenengoan, azkeneko kordoia kablearen barnean dagokion posizioan sartzen ari dira:
Bigarrengo bideoan aldiz, beste kordoi bat bere azkeneko posizioan sartzen ageri zaigu.
Kableak enpalmatzen amaitutakoan, loturaren puntuan ez zen igarri behar inongo marka, lodiera edo arrastorik. Hor zegoen teknika hau ondo egiten jakitearen garrantzia.
Eta kablea mozteko??
Rotaflex eta esmerilak iristear zeuden garaietan aizkoraz eta harri baten laguntzarekin mozten ziren kableak. Ez zegoen beste aukerarik. Goizean goiz babak eltzetik bapo gosalduta ezinbestean egin beharreko lanak!!
Jaso dezatela azalpen xume honekin Martin Landak, Jesus Mari Larrañetak, Eduardo Arrosagaraik, Severo Llopisek eta Javier Goikoak blog honen aitortza eskainitako erakustaldiagatik eta jakina, eguneroko jornala baldintza oso gogorretan irazten zuten Euskal Herriko basoetan lanean jardun ziren kablista guztiak. Eutsi goiari!
Aipamena Goiberrin
Inazio ta biok egiten ari garen ikerketa (azken hilabeteetan zertxobait geldirik), Goiberri aldizkariaren 62. alean agertu da. Honatx alea .pdf formatuan.
Artikulua txukuna da bainan oraindik asko dugu ikertzeke. Material asko dugu bilduta, elkarrizketak eginak, orain material guztia hau sailkatu ta historio logiko eta koherentea antolatzea dagokigu. Ea laister zerbait erakusteko moduan gauden.
Vicente Esquisabelen “salvoconductoa” aurkitu dugu.
A ze sorpresa!
Gure aitona zenari aipamena egingo zioten dokumentazioa kontsultatzeko baimena jaso ondoren, atzoko egunean Iruñean egoitza duen Nafarroako Epaitegi Nagusiko artxiboa kontsultatzen jardun ginen Inazio eta biok.
Hainbat paper eta dokumentazio aurkitu genituelarik, 1950ko hamarkadan Irati aldeko inguruetan ibiltzeko baimena ematen zion “Salvoconducto” agiria agertu zitzaigun. Sorpresa mundiala izan zen.Bainan agiri hau eta hainbat informazio bertako langileen laguntza izan ezean ez genituen aurkituko. Bereziki eskertu nahi diegu Iñaki Montoya bertako artxiboko arduradunari eta berarekin batera lanean diharduten Iñaki eta Teresari emandako laguntza eta iradokizunengatik: Langile prestu eta finak ezbairik gabe!
Mila-mila esker Inazioren eta nire partez!!!