Etiketaren artxiboa: argazkiak

Auzolan digitalerako gonbitea: Non zeuden kable hauek?

Nafarroako mendialdetan 1950-70 hamarkadetan ezarri ziren baso kableen kokapenak eta ezaugarriak irudikatzerakoan, Jesús Lacasiaren argazki bilduma ezinbesteko erreferentzia da. Hamarkada horien aurreko testigantza grafikoak aldiz, oso urriak dira.

Jesus berak bere heriotza gertatu aurretiko hilabate gutxitara, bere bilduma digitalizatzeko asmoz eskuzabal utzi zidan, baina utzitako argazkiak ez ziren bilduma osoa eta argazki gehienek kontesturik gabe nekez identifikatu zitezken. Jesus bera ere ez zen hirurogehi urtetan hainbeste aldatu ziren lekuak edo pertsonak identifikatzeko gai. Ondorioz, bere heriotzaren ondoren bere argazki bilduma gehiena txukun digitalizaturik esku artean banuen ere, ez nintzen irudi hauei kontestu historikoa edo espaziala emateko gai.

Duela pare bat urte Jesús Lacasiaren sendiak Nafarroako Artxibo Orokorrari egindako dohaintza eskuzabalari esker eta 2020ko udaran NEANeko (Nafarroako Errege Artxibo Nagusia) egoitzan egindako erakusketari esker, 2015. urtean erdipurdiz geratu zen bilduma osatzeko atea zabaldu zitzaidan.

NEANekin elkarlana

Arestian aipaturiko erakusketan, Nafarroko mendialdetakoak baino, Jaengo Cazorlari zegozkien irudiak zeudela jabetu nintzen. Akatsaren berri NEANeko teknikariei eman nielarik, horrelako akatsa gertatu izana erabat normala zen, Jesus Lacasia bera ere Cazorlako Vadillo Castrilen RENFEk zuen zerrategi eta formakuntza eskolan ibilitakoa baizen ta NEANeko teknikariek ezin zuten izan argazkien xehetasun guztien berri.

Akats horren berri NEANeko teknikariei eman nien eta argazkien katalogazioa osatzeko asmoz laguntza proposamena luzatu nien. Nire proposamena onartu zutelarik, 2020ko udazkena Lacasia Funtsa sailkatu, galdetu eta ikertzen buru belarri jardun naiz. Doakiela lerro hauen bidez lan honetan beraien denbora eta laguntza eskaini didaten NEANeko arduradunei, hamaika basozain eta ikerlariei zein lagun guztiei nire esker ona.

Berez, hilabete hauetan lortutakoaren emaitza abendua ezgeroztik jada Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko arduradunen esku dago, baina Lacasia Funtsa %100 osatu gabe darrai, edo ez behintzat nik nahiko nuken osotasun mailarik gabe 🙂

Auzolan digitalerako deia

Hainbat eta hainbat argazki ezinezkoa da geografikoki kokatzea. Bakan batzuei baino ez da posible data zehatz bat ezartzea. Baina geografikoki kokatzea ezinezkoa zaidan argazkietan, hainbatek badute ezaugarri edo elementuren bat balekoa izan daitekena agertzen diren paisaiak kokatzeko garaian: Nafarroa zertxobait ezagutzen badut ere, badira hamaika txoko, batipat Kintoan eta Baztanen, ezezagunak zaizkidanak. Eta ahaztu ezin dezakegun xehetasun garrantzitsu bat: Paisaia hirurogehi urtetan asko aldatu da eta honek argazkien identifikazio lanei zailtasun punttua ematen die.

Auzolan digitalerako deialdi honen azken helburua, kokapenak identifikatzea litzake, jarrian ezagutza hau Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren eskuetan utzi eta funtsa ahal bezain hobekien osatua gera dadin.

Ekimen honetarako, identifikatzeko errazak izan dezaketen eta ezaugarri fisiko ezagunen bat izan ditzazketen (mendi kaxko bat, eraikin bat…) argazkiak blog honetara igo ditut. Argazkiak erosoki bisualizatzeko, argazkiak deskargatu ondoren zabaltzea aholkatzen dut. Irudi multzoak kokatu ditut lehenik, jarraian argazki solteak.

Zuen ekarpenak azpikaldean, iruzkinen atalean jarri ditzazkezue edo kablegintza@gmail.com helbidera bidali ditzazkezue. Egin ditzazkezuen ekarpenak aurretik eskertzea baino ez zait geratzen. Ekin dezaiogun.

RENFEko Jeep Willys eta langile ezezaguna

Bi argazkiz osaturik multzo honetan Jesús Lacasia bera lehenengo argazkian eta hiru langile ezezagun ikusi ditzazkegu. Data ezezaguna da. Kokapena uste dut Zaraitzuko paraje bat delakoan nago. Lehenengo argazkia Martín Landari erakutsiagatik, lekua ezaguna egiten bazitzaion ere, ez zen gai erabateko ziurtasunez kokatzeko. Eskubialdeko mendi kaxkoan pilona bat, “cabra” bat eta trikable baten kargarako plataforma bat ikusi ditzazkegu.

Jesus Lacasiaren Jeep Willysa
Jesús Lacasia RENFEko Jeep Willysarekin.
Langileak eta Jeep Willysa.
RENFEko langileak RENFEko Jeep Willys berberarekin. Langileen izenak ezezagunak dira.

EGUNERAKETA (2021-03-17): Argazkiak, Otsagabia eta Itzaltzu arteko mugan atera ziren, Onzolako erreka eta NA-2011 errepidearen ertzean. Plataforma ageri den mendi kaxkoa Itzaltzuko lurrak dira eta 2021. urte honetan basoak estalia dago. Informazioa Itzaltzuko “Kike” bizilagunak eskuratu zidan. Milesker!

JM-3 monokablea Kintoan

Bost argazkiz osaturiko multzo honetan, JM-3 modeloko “blondene” edo monokablearen estazio motor ezezagun baten kokapena dakusagu. 1970ko hamarkadaren hasieran Kintoako parajeren batean aterata daudela dirudi. Hau da ziur dakigun datu bakarra. Baso bidea bost argazkietan agertzen da. Langileak ezezagunak dira.

Plumadun kamioia
Kamioiaren garabiarekin enbor batekin ekinean.
Kintoako kokapen ezezaguna.
Baso lanak eta pista.
Kablearen motrizitate estazioa.
Estazio motorra, txabola eta pista.
Kintoako kokapen ezezaguna.
JM-3 monokablea argazkiaren eskubialdean estazio motorrerako bidean.
Kintoan JM-3 monokablearen deskargea.
JM-3 monokablearen deskargalekua. Estazio motorraren estalpea eta garabia pistaren aldamenean ikusi ditzazkegu.

Karramiztegiko kablea

Bi argazki multzo honetatik ez daukat inongo informaziorik. Lehenengoan, kokapen berberekoan diren bi argazki montatu ditut. Haranaren sakonean eta kolore gorriz, baserriak edo bordak diruditenak markatu ditut. Bigarren argazkia ere kokapen berbera da. Non? Auskalo.

Kable ezezaguna.
Egur karga kablean gora.
Pilona ezezaguna.
Haranaren azpikaldean bi baserri edo borda ikusi ditzazkegu.

EGUNERAKETA (2021-03-12): Argazkiak, Almandozeko San Blas Bentatik atera ziren, Karramiztegiko mendi kaxkoruntz begiratuz. Haran horren azpialdetik egun NA-121A errepidea pasatzen da. Informazioa Baztan-Bidasoako Basozaingoko basozain taldeko kideek eskuratu zidaten. Milesker guztioi!

EGUNERAKETA (2023-07-22): Kable honi dagokion planodun espedientea Mendi Zuzendaritzaren funtsean aurkitu dut eta 1954-1955 urteetan Olazagutiako Vda. de Echávarri zerrategiak ezarri zuen.

Suntsitutako kargalekua Kintoan

Jesús Lacasia Funtsaren argazki funtsetik, irudirik deigarrienak.

Berez hamalau argazkiz osaturiko multzo honetan, Kintoan kokatutako suntsitutako kargalekua dakusagu. Hala ere, gure helbururako balioko duten lau argazkirik aipagarrienak dakarzkit honatx.

Urtea ezezaguna da, baina 60ko hamarkadako hasiera edo erdikoak izango dira. Argazki multzo honekin, kokapena jakin nahiarekin batera, bertan agertzen diren langileen izenak lortuko bagenitu, pagotxa! Azkeneko hau zaila izango da Nafarroan Explotaciones Forestales RENFEk izan zituen langile gehienak Jaengo Cazorlako ingurukoak baiziren.

Plataformaren goikaldeko enbor eroria. Atzekaldean ikusten diren mendiak norbaitek kokatzerik ba al ditu?
Triskantza latza. Ikusi dezagun argazkiaren eskubialdean alkandora txuridun gizasemea, hurrengo argazkietan ere berriro ikusiko dugu.
Argazki honetan, lurrera eroritako kableari tiraka ikusten ditugu langileak. Aurreko argazkiko alkandora txuriko gizaseme berbera dakusagu. Erretzen ari delarik, argazki bat ateratzen ari da!! Zinez interesgarria da ikustea Jesús Lacasia ez zela argazkilari bakarra izan Kintoako paraje honetan. Hurrengo argazkietan gertutik ikusiko dugu.
Goikaldean ezkerretara, argazkilari ezezaguna. Aldi berean, ikusi dezagun langileen babeserako baliabideen gabezia: Arropa desegokia, eskularruen gabezia… eta idi parea.

Argazkilari ezezagunaren lehen planoa.

Xira batekin eta kaleko zapatekin jantzirik agertzea deigarria suertatzen zait. Kaleko arropekin jantzirik eta argazki kamera eskuan, RENFEko langile koadrilla honetakoa ez zela izango pentsarazten dit. Ikusi dezagun zigarroa behatz artean…

EGUNERAKETA (2021-03-17): Argazkiak ez ziren Kintoan hartu, “Legua Acotadan” baizik, Eugiko urtegiaren gainean. Argazkietan nabarmendutako gizasemea aldiz, Teófilo Sanesteban da, RENFEko arduradun bat. Informazioa JesúsMari Lacasiak baieztatu zidan. Milesker!

Haran ezezaguneko pilona 02

Bi argazkiz osaturiko multzo honetan, haran baten ondoa eta bertara iristen den kable baten ibilbidea ikusi ditzazkegu. Malerreka edo Baztango parajeren bat izango delaren susmoa dut, baina inongo ziurtasunik gabe.

Haranaren gaikaldeko kargalekua. Ze haran? Hor dago koxka.
Haranaren sakonean borda batzuk.

EGUNERAKETA (2024-09-19): Bi argazki hauek Karramiztegiko kableari dagozkie. Ibar horren azpitik gaur egun NA-121A errepidea igarotzen da. Kable honen azalpenak blogeko sarrera honetan aurkituko dituzu.

Lezetako kaskoa

Azpikaldeko bi argazkien identifikazioa Nafarroako Gobernuak Zubiriko bulegoan dituen basozainen bitartez iritsi zait. Argazkien eskubialdean agertzen den malda harritsua Lezetako kaskoa da. Bere tontorrean Espainiar eta Frantziar estatuak banatzen dituen 150. muga kokatzen da. Bi argazkiak hegoaldetik iparralderako noranzkoan, gutxi gora behera Beraskoaingo lepotik aterata daude. Milesker informazioa luzatzeagatik!!

Lezetako Kaskoa argazkiaren eskubialdean. Atzekaldeko mendiak Baxenafarroan daude.
Lezetako Kaskoaren malda harritsua eskubialdean dakusagu. Ezkerralderuntz Urepeleko baserriak ageri dira.

Pista eta pilona ezezagunak

Hemen eskuragarri jarri ditudan argazki multzoetatik, ziurrenik kokatzen zailena. Bi argazkiz osaturiko multzo bat da eta Jesúsek argazkiak ateratzeko 180º biratu zen. Non?

Pistaren amaieran pilona bat dakusagu.

EGUNERAKETA (2024-09-19): Bi argazki hauek Zintzurzelaiko kableari zerbitzu emateko ireki ziren. Belateko gainean hartuta daude. Zintzurzelaiko kableari buruzko informazio sakona blogean hemen duzu.

Argazki solteak

Legasako kablea

Argazkia positibo bat da eta bere alboan eta eskuz idatzita “Cable de Legasa, 1956” agertzen da. Legasako parajeren bat al da? Ez dakit. Baina argazkiaren atzekaldean zentral elektrikoa dirudien eraikin bat ageri da. Legasako mendietan ba al zen urte horietan horrelako eraikinik? Ez dakit.

Legasako kablea, 1956.
Legasako kablea, 1956.

EGUNERAKETA (2023-07-22): Argazkia, Almandozen kokatua dagoen San Blas Bentan atera zen. Kable honi zegokion espedientea Mendi Zuzendaritzako funtsean aurkitu dut eta 1954. urtean ezarri zen.

Egur karga bat… ¿Baztanen?

Argazki honen eskubialdean garo meta bat dakusagu. Horrek pentsarazten dit argazkia Nafarroako isurialde atlantikoko kokapenen batean hartua dela. Ez daukat beste erreferentziarik eta argazki bakarra da. Atzekaldean dakusagun mendi kaxkoak ez du nabarmenduko duen elementurik. Hau kokatzea zinez zaila da.

Zintzurzelaiko kablea

Pilona bat eta kargaleku bat erakusten dituen ikuspegi orokorra eta polita. Argazkiaren atzekaldean errepide baten alboko babesak ageri direla dirudi. Nafarroako isurialde atlantikoko guneren bat dela dirudi. Ez daukat informazio osagarririk.

EGUNERAKETA (2023-07-22): Belateko mendatearen alboan kokatzen zen ikusten dugun deskargalekua, zehazki Zintzurzelaiko parajean kokatzen zen basoaren ustiapena ateratzeko Olazagutiako Vda. de Echávarri enpresak 1954an ezarri zuen.

Jesús Lacasia eta Javier Bacaicoa RENFEren Land Roverarekin

Argazkiaren atzekaldean ikusten denagatik, Nafarroako isurialde atlantikoko guneren bat dirudi. Harrizko paretaren atzekaldean pilona bat ageri da. Ez daukat informazio osagarririk.
Ohar bat: Javier Bacaicoa RENFEk Iruñean zituen tailerretako mekaniko burua zen.

Haran ezezaguna 03

Jesús Lacasiak ez zituen kable azpiegiturak argazkietan jasotzen soilik, aldiz, azpiegitura horiek kokatzeko balioko zuten txokoenak ere bai. Bi argazkiz osaturiko konposizio honetan Nafarroako isurialde atlantikoko haran bat agertzen zaigu.

Langileen etxola 01

RENFEko langileek erabiltzen zituzten etxoletakoa. Ez Nafarroako eta ezta ere nire Cazorlako kontaktuak ez dira identifikatzeko gai izan.

Langileen etxola 02

Kokapen ezezagun batean kokatutako beste etxola bat. Cazorlako nire kontaktuak paraje horietakoa izango denik ez du uste. Nafarroa?

Pilonaren atzekaldeko mendiak

Irudiaren aurrekaldean ikusten duguna, pilona baten karrillo pare bat da. Pilonetatik karga pasatzerakoan karrillo hauetan ezartzen ziren kableak. Baina interesgarriena atzekaldean dakusagu, juxtu xamar agertzen den mendi kaxkoan. Argazkia asko handituz, Zurizako Alanoen traza duen mendia agertzen da. Argazkiaren originala paperean dago eta gogoratzen dudanagatik oso txikia da, bataz beste 6*6cm. ditu. Ez dut informazio osagarririk.

EGUNERAKETA (2023-07-22): Baztango lurretan kokatu zen Iñarbegiko kablea da hemen ikusten duguna. Kableari dagokion espedientea NEANko Mendi Zuzendaritzaren funtsean lokalizatuta daukat.

Kablista -balentziarrak??- deskargaleku batean

Nafarroako isurialde atlantikokoa dirudien deskargaleku baten ikuspegi orokorra dugu hemen. Argi argazki honen xehetasun deigarri batekin. Plataformaren gainean agertzen diren bi kablelariak balentziarrak diruditen lastozko txanoak jantzirik dituzte. Intxaurrondo edo gaztainondo horren atzekaldean agertzen den baserria, zutik dirau 2021. urte honetan?

EGUNERAKETA (2023-10-30): Hemen ikusten dugun plataforma eta langileak Erratzuko lurretan amaitzen zen Urritzateko kablearen deskargalekuarenak ziren. Kable hau Gregorio Iraola enpresaburuak 1954. urtean ustiatu zuen. Argazkiaren atzekaldean agertzen den baserria, Martikoten Borda da eta egun turismora bideratutako landa etxe bat da.

¿Xuringoa, Auritz-Burguete?

Garraldako Joxe Etxegoienek argazki hau Auritz-Burgueteko Xuringoa parajea izan daitekela uste du baina erabateko ziurtasunik gabe. Irudiaren eskubialdean mendi baten silueta ageri da eta akaso honek pistaren bat eman dezake…

Baztango estazio bat?

Argazki hau ez da NEANko Lacasia Funtsakoa eta ezta ere Lacasia sendikoa baina Cazorlatik Rufino Nieto Ojedaren eskutik jaso nuen eta Jaengo ikerlariak esan didanagatik, RENFEk Cazorlako Vadillo-Castril kapazitazio zentroan formakuntzarako materiale gisa erabiltzen ziren diapositibetako bat da. Kapazitazio eskola horretan irakaskuntzako materiale gisa erabiltzen ziren hainbat argazki Jesús Lacasia berak hartutako diapositibak ziren eta hainbat urtez abandonaturik egon ostean galdu omen ziren. Rufinok esan zidan argazki hau salbatu zen bakanetakoa zela.

Ohar garrantzitsu bat. Irudi hau diapositiba bat izanik, bere identifikazioari zailtasun gehigarria lotzen zaio: bere ardatz bertikalarekiko bere orientazio egokia jakitean alegia.

Azpikaldeko irudian ikusten duguna aldiz, ez da Nafarroako isurialde atlantikoan kokatutako pilona bat, “estazio” bat baizik. Irudia Baztango beste lagun bati erakutsita, argazkia Baztango Gallarifondako paraje ingurua delaren susmoa du. Horrela balitz, RENFEk 1956ko udaran ezarri zuen Iñarbegiko kablea liteke. Atzekaldean dakusagun baserrian 2021. urte honetan ere bertan iraungo duelakoan sinistu nahiko nuke. Kokapena identifikatu eta baieztatzeko balioko duen edozein informazio ongi etorria da, jakina.

00 Bertsioa: Rufino Nieto Ojedarengandik jasotako bertsioa.
01 bertsioa: Ardatz bertikala erreferentzi gisa hartuta egindako bertsioa. Bien artean, zein da bertsio egokia?

EGUNERAKETA (2023-11-08): Argazkiaren 00 bertsioa da zuzena. Hainbat esfortzuren ondoren, gunea identifikatzea lortu dugu. Estazioaren atzekaldean agertzen den baserria Baztango lurretan kokatzen den Kantaneko Borda da eta Aritzakun-Amaiur artean eta Itzulegiko lepotik barrena ezarri zen kableari dagokio. Identifikazioa Juan Aleman, Ixabel Aleman, Miguel Esain, Ana Esain eta Juan Kruz Iriarterekin batera auzolanean atera dugu.

Kargaleku ezezaguna

Jesús Lacasiak argazki hau Cazorlako parajeetan kokatua zegoela esan zidalakoan nengoen, baina Cazorlako Rufino Nietori bidalita, paisaia hau Cazorlakoa EZ dela baieztatu zidan. Horren aurrean eta irudia handituta, bina borda edo baserri (gezi gorriz nabarmendurik) ikusi daitezke. Honek, argazkia Nafarroako guneren batean aterata dagoela sinistarazten dit.

Irudiaren atzekaldean dakusagun mendikatea norbaitek ezagutuko al du?

Hau da dena eta ez da gutxi. Jesús Lacasia Funtsako beste hamaika argazki identifikatzeke geratzen dira baina identifikazio lana errazteko balioko luketen elementuren faltan, ez ditut igo. Nolanahi ere, eta NAOko arduradunengandik hasita, nire esker ona berretsi nahi dut hemen partekatu ditudan irudiak identifikatzeko beraien laguntza eta denbora eskaini duten/duzuen guztioi.

Gogoratu, ekarpenak egiteko azpikaldeko iruzkinen atala edo posta elektronikoa erabili dezakezue: kablegintza@gmail.com

Besarkada bana guztioi!