[Artikulu hau Español hizkuntzan ere irakurri dezakezu.]
Aranzadi Zientzia Elkarteko sortzaile izan zen Jesús Elóseguiren argazki bilduma GureGipuzkoa.net webgunean eskuragarri izatea ikertzaileontzako suerte latza da.
Eta argazkiok CC-BY-SA baimen librepean egotea beraien egoera legala zehatza zein den jakiterakoan, lana ikaragarri errazten digu. Eskerrikasko beraz, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideei argazkiok erabiltzaileokin partekatzeko emandako pauso ausartagatik!
GureGipuzkoa.net | Uztegi’ko belar biltzea © CC BY-SA: Elósegui Irazusta, Jesús
15.000 argazkiz baino gehiagoko bilduma delarik, horien artean saltseatuz Nafarroako Azkarate eta Araitz bailarako makina bat kableen argazkiekin gozatu dezakegu. Bilduma erraldoi horretan bilaketa egitea zertxobait kaotikoa suertatzen dela esaten badut ez naiz oso oker ibiliko. Zentzu horretan, blog honekin erlazioa duten argazkiekin 23 irudiz osaturiko galeria osatu dut.
Garai ezberdinetakoak dira bainan inguru horietako argazki guztiak galerian sartzea lortu dudalakoan nago. Ohartxoa: Argazki galeria sortzeko GureGipuzkoa.net webgunean erregistratu beharra dago.
GureGipuzkoa.net | Uztegi’ko belar biltzea © CC BY-SA: Elósegui Irazusta, Jesús
Argazki hauetako asko Juan Mari Ansa Munduatek publikaturiko «Las Malloas de Aralar» liburuan agertzen dira bainan liburuan kable instalakuntzek egin zituzten sustatzaile eta langileen inguruan ez da informazio sakonik agertzen. Susmoa dugu Bixente Esquisabel ataundarra izan zela bainan hau horrela izan zela esateko ez dugu ziurtasunik.
Argazkietan agertzen diren kableak, kablegintza sistemetan xinpleenak eta Ataunen hedatuen egon zirenak dira: n luzerako kable bat altuera ezberdinetan dauden A eta B puntuen artean kokatzen da. Goikaldeko A puntuan nekazal produktua kargatzen zen (belarra, garoa, egur adarrak…) eta hau bezalako txirrika batean kargaturik, grabitate legearen ondorioz B puntura iristen zen. Ohikoena baserriko ganbarara iristea izaten zen, Artaditxulo baserrian bezala, bestela azpikaldeko Uztegiko argazkian bezala, erdiko puntu batetara, jarraian idi edo antzeko haziendarekin baserriraino gerturatzeko.
Ez zegoen beste misteriorik kablegintza sistema honekin. Aldiz, egurra jeisteko kablegintza sistemak, beste kontu bat, askoz serioagoa ziren. Bainan hori beste post batetarako utziko dugu.
GureGipuzkoa.net | Uztegi’ko belar biltzea © CC BY-SA: Elósegui Irazusta, Jesús