Ziordia-Olazti egur kablearen nondik norakoak

[Artikulu hau Español hizkuntzan ere irakurri dezakezu.]

Jesús Lacasia zenak Explotaciones Forestales RENFEren Nafarroako arloaren nagusi gisa jardun zeneko argazki bilduma digitalizatu nedin 2015eko udaran utzi zidan. Jesús, urte bereko urrian joan zitzaigun.

Utzi zizkidan argazki gehienak Nafarroako mendietako kokapen ezezagunetan hartutakoak direlarik, berauk nongoak diren jakin nahian ezinean nabil. Hala ere, zenbaitzutan argazki hauek lokalizatzea lortzen dut. Blogeko gaurko sarreran horietako bat dakart.

Jesús Lacasiak utzitako argazkien artean, “Ziordia, 1956” izenburuko bosna argazkiko sorta bat dago. Hauetxek:

Ziordia-Altsasuko egur kablea

Ziordia-Altsasuko egur kablea. Jatorria: © Jesús Lacasia 1956

Egur karga bat agertzen den argazkiaren atzekaldean Beriain nekez ageri delarik, ez nintzen gai hau eta serie berekoak tajuz eta zuzen geokokatzeko.

Duela aste pare bat serie honetako egur kargaren argazkia non hartua zegoen -gutxi gora behera- Google Earthen laguntzarekin lortu nuen.

Argazkiaren azpikaldean Irun-Madril trenbidea ageri dela ohartu nintzen eta atzekaldean ageri zen herria ez zen Ziordia, Altsasu baizik!

Erabateko ziurtasuna lortze aldera, SITNAko 1956-1957 urteetako ortoargazki historikoak errepasatuta… ez zen ageri. Redios.

Baina kontuz. EAE eta Nafarroa arteko muga bertan dagoelarik, GeoEuskadi Bisoreko 1956ko ortoargazki historikoan kable honen ibilbidea agertu zitzaidan!

Hau gauza oso kuriosoa da, 1956ko hegaldi berbera SITNAn ez, baina GeoEuskadi Bisorean bai agertzearena. Urte berekoak, baina data ezberdinekoak izango dira ziurrenik.

Nola edo hala, kablearen kokapen zehatza hemen ikusi dezakezue:

RENFEko egur kablearen ibilbidea. Sakatu bere gainean handiago ikusteko. Jatorria: © GeoEuskadi Bisorea.

Google MyMaps erabilita horrela ikusten da:

Altzaniako kable bakarra

Zaraitzun, Aralar edo Kintoan makina bat dira ezarri ziren egur kableak. Altzanian ere erabiliko ziren baina ez eskala hain handian.

Gaurkoa Altzanian ziurtasunez identifikatuta daukadan kable bakarra da, berez, kable laburra zen, 1610m. baino ez eta “Ziordia-Olazti” bataiatu badut ere, honek ez du esan nahi bi herriak lotzen zituenik, bi herrien arteko udal lurretan kokatua zegoela baizik.

Jesus Lacasiaren bildumakoa izanda, Explotaciones Forestales RENFEk ezarri zuela ziurtatu dezaket. Kable honen berezitasun gehiagoren berri izateko AGN-NAOn bere espedientea aurkitu beharko nuke, baina lan hori beste baterako utzi beharko dugu.

mailmail

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude