Geokokatutako Nafarroako egur kable -ia- guztiak eskura

[Artikulu hau Español hizkuntzan ere irakurri dezakezu.]

Bi urte daramat Nafarroan XX. mendean lanean izan ziren egur kableen geokokapenak bilatzen eta aurkitzen ditudanak gordetzen. Denbora honetan aurkitu ditudan 112!! ibilbideak erakargarriago egite aldera, horietako batzuk Geokokatutako ibilbideak goikaldeko menuan kontsultagarri jartzeari ekin diot. Hala ere bertan ez daude guztiak eta momentuz, ez ditut gehiago txertatuko.

Zaraitzu Ibaxako hogeitalau egur kableen ibilbideak.

Geokokatutako ibilbideak atalean Nafarroako SITNA, Espainiako IGN, Frantziako IGNF eta gutxiago baina baita ere EAEko geoEuskadi Bisorea atarietako ortoargazki historikoetan aurkitu ditudan zenbait ibilbide partekatzeari bi arrazoiengatik utzi dut.

Alde batetik, zenbait ibilbideei zuzenketak egitea suertatzen zaidanean, zuzendutako ibilbidea Google Mapsera berriro igo, webgunean berriro kapsulatu, EU eta ES orriak sortu edo zuzendu… lan latza delako.

Bestetik, 2017ko urte amaierarako IDENAk ere erabiltzaileon mapa eta edukiak bertan gordetzeko aukera eskainiko digulako eta bestetik, bi-hiru urteko epean TRACASAk SITNA bisorea alboratuko duelako IDENAkoaren mesedetan.

IDENA tresna geoespazial ikaragarria

Lortu dudan informazioa publikoki eskuragarri jartzea lan itzela izateaz gain, IDENAko arduradun batek jakinarazi didanez, urte amaierarako erabiltzaileok gure mapa eta ibilbideak IDENAko atarian bertan gordetzeko aukera ere izango dugu. Horrek, orain arte egindako lanean asko eragiten du.

Hori hobekuntza eta abantaila nabarmena da gertuan ditugun administrazio publikoek erabiltzaileoi eskaintzen dizkiguten datuak erabiltzeko garaian. IDENA eta beste atari publikoen hiperlokalizazioa eta informazio geruza zabalek, Google Mapsenak gainditzen dituzte eta hori horrela izanda, IDENA, zerbitzu komertzial honen gainetik lehenesten dut. Alegia, kapsulatutako mapak igoko baditut, IDENAra igotako ibilbideenak erakutsiko ditut eta hori 2017ko amaiera arte gertatuko ez denez, ibilbide kapsulatuak partekatzeari utzi dut.

Bilaketa amaitua

Berez, 2017ko maiatzaren amaiera honetan Nafarroako egur kableen bilaketa amaitu dudalakoan nago. Aipaturiko lau zerbitzu geoespazialen 1946 eta 2003 urteen arteko serie historiko guztiak goitik behera hainbat hilabetez miatu ditut eta bilaketa eta identifikazio lana amaitutzat eman dezaket.

Orain, 2017ko maiatzetik aurrera murgildurik nabilen lana, bi urte hauetan aurkitu ditudan kableei dagozkien espedienteak AGN-NAOan bilatzen eta aurkitzean datza. Horrek, bi urte hauetan ortoargazkietan aurkituriko ibilbideei emango baidio %100 ziurtasuna. Beraz, epe motzean ikerketa lan luzea egiteke dudana.

Adibide gisa, azpikaldeko planoa, AGN-NAOan aurkitu dudan 1952. urtean El Irati S.A. enpresak Otsagabiako Andrillako parajean ezarritako kable bati dagokio. Gure aitona zenaren aipamena deigarria da.

“V. Esquisabel” kablelariari aipamena egiten dion planoa. Jatorria: AGN-NAO, “Dirección de Montes” funtsa, 95970 kutxa, 430. espedientea.

Denak daude?

Ez. Agerikoa den bezala, ortoargazkietan agertzen ez diren -edo ikusteko gai ez naizen- hainbat kable egon izana posible da. Horren adibide, Patziku Perurenak Goizuetako kableei buruz eman zidan pista: Beraien bila etengabe jardunagatik, SITNAko 1956ko hegaldian ez dira agertzen. Urbasa eta Andian ere, aurkitu ditudanak baino gehiago bazeudela ziur nago, baina hauek ere ez ditut ikusi. Ta Ziordian egon zirenak ere ez.

Bestetik, esan gabe doa Araizko bailarako belar kableak ez direla ikerketa honen helburua. Eskuragarri jarri ditudan kable hauek baso ustiapenetan erabilitako egur kableak dira soilik.

Aurkitutako ibilbideak

Anyway. Bi urte hauetan aurkitu ditudan kableen ibilbideak azpikaldeko koadroan eskuratu ditzazkezu. Nafarroako kableez gain, Irati-Mendibeko kable ezagunaren hogeitabi kablez osaturiko sarea ere eskura duzue. Zuberoako kableak ere laister eskura jarriko ditut.

Fitxategiak .kml eta .gpx formatuetan dituzue eta ez dira oso astunak.

[2017-12-29 EGUNERAKETA]: Fitxategiak alojatzeko erabiltzen dudan ownCloud sistemak akats bat du eta ezin dira deskargatu. Laister berriro deskargatzeko moduan jarriko ditut.

Zonaldea

Kable kopurua

GPS

Google Earth

Aezkoa

14 .gpx .kml

Aralar

11 .gpx .kml

Artzibar

8 .gpx .kml

Bidasoa/Ultzama

10 .gpx .kml

Erroibar

9 .gpx .kml

Erronkari

13 .gpx .kml

Irati-Mendibe

22 .gpx .kml

Kintoa

17 .gpx .kml

Leire

3 .gpx .kml

Luzaide

Urbasa/Andia

3 .gpx .kml

Zaraitzu

24 .gpx .kml

Zuberoa

Ibilbideak aztertzerakoan zenbait ohar

Aurkitutako ibilbideak sailkatzerakoan, Nafarroako ibarren sailkapen geografikoa jarraitzen saiatu naiz. Erronkariko kableak Erronkariko fitxategian, Zaraitzukoak, Zaraitzukoan… eta horrela denak. Kontua da hainbat kable dagozkien ibarrean gordetzerakoan zalantzak izan ditudala zein ibarretan sartu.

Esaten dudanaren adibide gisa, nire aitona Bixente Eskisabelek Erremendiatik Orotz-Betelurainoko hamalau kilometrotako kable ezaguna dugu. Bere kargalekua Abaurregaineko Erremendiako inguruetan zuelarik eta Abaurregaina Aezkoako ibaxa delarik, deskargalekua Orotz-Betelu eta Olaldea artean NA-2040 errepide ertzean kokatzen zen.

Hau horrela izanda, eta Orotz-Betelu Aezkoako bailara ez izanagatik, Erremendiako kablea, Aezkoako ibaxari dagokion kable multzoan sartu dut.

Fitxategien izendapenean zenbait ohar

  1. Jeitsi ordenagailura nahi duzun fitxategia.
  2. Ireki deskargaturiko fitxategia GoogleEarth programarekin.
  3. Google Earthean gaudelarik, ezkerreko zutabean fitxategia agertuko zaigu. Fitxategi honek bere barnean dauzkan kableak ikusteko, desplegatu ezkerrean daukan laukitxoa.

Dagokion ibarraren kable guztiak zerrendatuta agertuko zaizkigu eta kable bakoitza identifikatuz sintaxi hau jarraitzen duen izendapena agertuko zaigu:

[Aezkoa] 05 Txangoamendi-LaCalera_NA2030_errepidea_IGN_1946_SITNA_1956

Lehenengo izena, kableari dagokion ibarra da. Obvious.

Zenbakia, ibar horretan kable hau identifikatzeko ezarri diodan zenbakia da.

Lehenengo toponimoa kargalekua da, kasu honetan Txangoamendi.

Bigarren toponimoa deskargalekuari dagokio, kasu honetan Orbaizetako ola zaharrarera iritsi aurretik eta NA2030 errepide aldamenean ezkerretara dagoen “La Calera” parajeari dagokio.

IGN_1946. Honek, kable honen ibilbidea ortoargazki batean agertzen den lehenengo aldia Espainiako IGN zerbitzuko 1946. urteko hegaldian agertzen dela esan nahi du. Hegaldi hau “Amerikar hegaldiko A serie” gisa ezagutzen da.

SITNA_1956. Nafarroako gobernuko SITNAren geruza historiko honetan ere agertzen dela esan nahi du. Hegaldi hau “Amerikar hegaldiko B serie” gisa ezagutzen da.

Informazioaren zehaztasuna: auzolan deialdia

Hemen eskuragarri jarri dudan informazioaren ziurtasuna %90ko zehaztasunarekin bermatu dezaket. Ziurtasuna erabatekoa izate aldera, gai honekiko interesa izan dezaketen Nafarroako mendialdeko bizilagunei dei berezia egiten diet: Ezaguna egingo zaizuen ibarraren fitxategia jaitsi eta ibilbideak errepasatu egin izan ditudan akatsak identifikatu eta jakinaraziz.

Eduki hauek zure ordenagailu zein GPS gailuetara deskargatu ondoren, zure feedback-a post honen iruzkinetan jarriko bazenu, informazioa hobeto zehazteko oso baliagarria izango litzaidake. Eskerrak aurretik, jakina.

Esker ona laguntzaileei

Azkenik, hemen eskura jarri dudan informazioaren zehaztasuna bermatzeko ezinbestekoa da hainbat lagunen laguntza: Auritzen Javier, Garraldan Josetxo, Izaban Luis Alberto, Iurgi eta Feliciano, Sunbillako Tomás Mutuberria eta Iruñeako Antonio Tellechea.

Milesker guztiei!

mailmail

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude